Haurrentzako onurak
Maskotak, gure lagunak
Bizitza maskota batekin partekatzeak gizartekoiago, enpatikoago eta zoriontsuago egiten ditu haurrak.
Maskoten eta haurren arteko bizikidetza egokiak on handia egiten dio umeen garapenari.
Txakurrek eta katuek haurrei dakarzkieten onurak ezin konta ahala dira. Oro har, animalia batekin egoteak gizaki ororen bizi-kalitatea hobetzen du; bizitza-luzera handitzen du, oreka fisiko eta mentala zaintzen du, aisialdia errazten du, estresa gutxitzen du, eta, oro har, depresio-indizea murrizten du.
Baina haurrengan are rol garrantzitsuagoa du animalia batekin egoteak, hezkuntza- eta gizarte-garapenean laguntzen duelako; erantzukizunak hartzera eta balioak ikastera (besteenganako errespetua, adibidez) behartzen ditu, autoestimua handitzen die eta familiako integrazioa hobetzen du. Horrez gain, animaliek haurrengan norbait zaintzeko gaitasuna garatzen dute, eta gaitasun- eta segurtasun-sentimendua sustatzen dute: biak ezinbestean garatu beharrekoak haurraren bizitzako lehen zikloan, oreka emozional egokia lortzeko.
Haur batek animaliak maitatzen ikasten duenean, errukiaren artea ikasten ari da, beste izaki bizidunekin enpatizatzeko beharrezkoak diren trebetasun emozionalak garatzen ikasten. Enpatia bestearen lekuan jartzeko, hura ulertzeko eta nola sentitzen den jakiteko gaitasuna da, baita zer pentsatzen egon daitekeen jakiteko gaitasuna ere. Beraz, gaitasun hori funtsezkoa da besteekiko harremanetan. Enpatia, gainera, ezinbestekoa da pertsona ezagun eta maitatuak izateko. Norbaitek besteak ulertzen duela eta epaitzen ez duela sentitzen badu, konfiantza izango du pertsona horrengan, eta seguru sentituko da haren konpainian.
Zientifikoki frogatuta dago animaliekin kontaktua izatea onuragarria dela pertsona guztientzat.
maitasuna eta errespetua
Animalia bat zaintzeak haurra animaliekiko, naturarekiko eta, noski, pertsonekiko maitasun eta errespetuan haz dadin lagun dezake. Ardurak hartzeko gaitasuna, erantzukizunez jokatzeko gaitasuna, maitasuna jasotzeko eta emateko gaitasuna, izaki bizidun ororen onurarako balioak dira.
ONURA NAGUSIAK
Animaliek balio asko ekartzen dizkie umeei, pertsonei berei transmititzea ahazten zaizkien balioak, alegia. Umeek beren maskotei esker ikasiko dituzte enpatia, baldintzarik gabeko maitasuna, errespetua, erantzukizuna, gupida, leialtasuna eta antzeko balioak. Baina balioez gainera, maskotei esker umeek onurak izan ditzakete beren bizitzetan, ezinbestekoak baitira umeak behar bezala hezteko.
Umeen eta etxeko abereen artean elkar ulertzeko dagoen erraztasuna ezin da beste harreman batzuei aplikatu. Txakurrak eta katuak modu berezian komunikatzen dira pertsonekin, modu desberdinean baina arrakastaz, eta, gainera, efikazak dira umeen garapen emozionalerako. Maskotek umeen autoestimua behar bezala garatzen lagundu dezakete, estresa eta antsietate-sentipenak murriztuz.
Maskotekin hazten diren umeek alergiak eta asma izateko arrisku gutxiago dute. Jaiotzetik animalien ilearen eraginpean daudenez, gorputzak immunitatea garatzen du kanpoko agente horien aurrean.
Maskotak ez dira kritikoak, ez dute agindurik ematen, ez dira haserretzen eta badakite azkar barkatzen… baina ez da hori gertatzen helduen munduko pertsona askorekin. Animaliak beti dira maitekorrak (haiekin maitekorrak izanez gero) eta haiek etxean egotea lagungarria da umeek segurtasun eta atxikimendu handia sentitzeko.
Ez egoteek sortzen duten antsietatea arintzen dute
Txakur edo katu leial baten (eta bat baino gehiagoren) maitasun baldintzarik gabeak eta lagunarteak garrantzitsu sentiaraziko ditu umeak, eta, hala, beren buruen autoestimu hobea eta autoirudi bikaina izaten lagunduko die.
Beren maskotekin lotura emozionala duten umeek gaitasun handiagoa dute beste pertsona batzuekin harreman onak izateko, lotura afektiboak sortzen jakingo dutelako.
Umeak txakurrekin edo katuekin jolastea lasaitasun eta patxada iturri izan daiteke, eta estilo bat sortzen du gorputzarentzat nahiz garunarentzat. Abereekin jolastea ikasketa mundu berri bat da ume txikientzat, haien irudimena eta jakin-mina kitzikatzen dituelako.
Eta, jakina, bestela lor ezin daitekeen poza ekarriko dute maskotek etxeetara. Maskotak familiartekoak dira eta, horregatik bakarrik, poz eta alaitasun iturri dira, haien lagunarte hutsez.