Poloetako animaliak

Pinguinoak

Pinguinoak Antartidan bizi dira, hego poloan. Pinguino espezie asko daude, gaur egun 17 pinguino mota desberdin ezagutzen dira. Itsas hegazti hauen hegalak oso garrantzitsuak dira bizirik irauteko. Haien hezur sendoak inpaktuak jasateko gai dira, eta hegal ideal bihurtu dira 60 kilometro orduko igeri egiteko harrapakariek mehatxatzen dituztenean. Pinguinoak oso lurraldekoak izaten dira, uharte beretan jartzen dituzte beti habiak. Txitek 50 egun behar dituzte gutxienez beren kasa ibili ahal izateko. Handiak direnean pinguinoek uharteak utzi, eta izotz polarretara abiatzen dira janari bila. Planktona, krustazeoak eta txibia bezalako zefalopodoak jaten dituzte. Foka lehoinabarrak, itsas lehoiak, orkak eta marrazoak dira haien etsai nagusiak.

Pinguino enperadoreak dira beren edertasunagatik eta tamainagatik ezagunenak. Espezie honek 1,22 metrorainoko altuera iristen du, eta 45 kiloko pisura ere irits daiteke.

Bazenekien pinguinoa dela, Antartikako ur- eta izotz-eremuan, hanka lurrean jartzen duen hegazti bakarra? Eta bazenekien arrek txitatzen dituztela arrautzak, emeak ehizara joaten diren bitartean? Arrek poltsa moduko batean biltzen dute arrautza, eta bero-bero mantentzen, kanpoan -40 C°-ko tenperatura izanik ere! Txitak hazten direnerako, ume-zaindegiak eta guzti dauzkate! Ar heldu batek zaintzen ditu umeak, eta bitartean, gainerakoak itsasora joaten dira, ehizara. Haizetea denean eta izotzaldietan, elkarren kontra estutzen dira, ahalik eta beroen egoteko. Egia esan, animalia maitagarriak dira pinguino enperadoreak!